SAN SALVADOR ETA SAN JUAN BAUTISTA ANAIDIAK

Santiagorako erromesaldien loraldiaren ondorioz, erromesei laguntza emateko anaidiak sortu ziren. San Salvador anaidiak Iruñeko prelatuen babesa jaso zuen. 1165. urte aldera, Bibiano apezpikuak San Salvador eliza eman zien anaidikideei, eta, horrekin batera, gurtza zaintzeko bi presbitero izendatzeko baimena ere eman zien.

Haren ordezkoak, Parisko Pedro jaunak, “hiribilduaren eta Done Jakue bidearen arteko” orubea oparitu zien 1187an, hartan eraiki zezaten anaidi-etxea. Apezpikua bera zen anaidi-etxearen etxezaina, eta behartsuei laguntza ematea zen haren betebeharra. Uste izatekoa da haren ermitatik edo Atarrabiako errege-bidetik hurbil egonen zela etxe hura.

San Juan Bautista anaidiak ere (kontuan izanik izen bereko parrokia ere badela) arreta-zentro bat sortu zuen Done Jakue bidearen ondo-ondoan, San Salvador anaidiarenetik hurbil, ziur aski.

XVI. mendearen erdialdean, bederatzi lursailek osatzen zuten haren ondarea. Beste etxe bat eraiki zuten anaidikideek herriko karrika nagusian, eta han jarri zuten, hain zuzen, herriko lehen eskola.

BURLATA EUSKALDUNA

Toponimiak, etxeen izenek eta zenbait agirik argi erakusten dute Burlatan euskaraz mintzatu zirela XIX. mendearen hasiera arte.

XVII. mendean, honako eskaera hau egin zioten Juan Idoy bikarioari: “kristau-ikasbideko bi hitz eta elizako lau otoitz besterik ez erakusteko euskaraz, eta argiro erakuts ditzala, denek ongi uler zezaten, hala behar duelako izan”.

1599. URTEKO IZURRIA

Dunkerketik etorritako itsasontzi batean iritsi zen izurria Santanderrera.

Nafarroan, Lizarran izan ziren izurriaren lehen agerraldiak, eta handik beste lekuetara hedatu zen, baita Burlatara ere.

Libro primero de cuentas del concejo (Kontzejuko kontuen liburua) liburuak kontatzen du nola agertu zen izurria:

“Burlatan, Jainkoa lekuko, irail hasieran, Magdalenako etxeetan gaitza hedatu zela sumatu zen. Izan ere, Garesen egonak ziren Magdalenako biztanleetako batzuk, eta Garesen lau hilabete zeramatzaten hain zuzen ere izurriaren ondorioak nozitzen, eta jende asko hiltzen ari zen”

Sendagile bat eta kirurgialari bat hara abiatu ziren, gaitza diagnostikatzeko eta haren aurkako sendabideen inguruko aholkuak emateko. Kanporako harremanak eten egin zituzten, eta gaixo susmagarriak landan egokitutako etxola batzuetara eraman zituzten. Behin arriskua uxatuta, Iruñearekiko harreman-bideak irekitzeko eskatu zuten burlatarrek, eta, jainkoari eskerrak emateko, 24 idi pare paratu zituen kontzejuak, San Rokeren omenez eraikitako basilikarako egurra garraia zezaten. Gaur egun kartzela dagoen tokitik oso hurbil eraiki zuten basilika.

IZENGOITIA: “EZKILA-JOTZAILEAK”

Ezkila-jotzaile ezizenez ezagunak dira burlatarrak. Honela dio esaerak:

“Iruñean, jende ona;
Burlatan, ezkila-jotzaileak,
Atarrabian, karrikak luze,
eta, Uharten, tipulazaleak”