1970eko ekainaren 29an sortu zen Burlatako San Blas parrokia. Santa Maria Soledad Torres Acosta izena eman zioten hasieran, Andre Mariaren mirabeen sortzailea gogoan. Eri behartsuak etxean bisitatzen aritzen ziren Andre Mariaren mirabeak, gau-beilatan.

Burlatako biztanleria handitzearekin batera sortu zuten parrokia. Parrokiaren izenaren jatorria honako hau da: urte hartako urtarrilaren 25ean, Andre Mariaren mirabeen kongregazioaren sortzailea kanonizatu egin zuen Pablo VI.a Aita Santuak. 1942. urtetik, Burlatan bizi izan zen kongregazio-burua; mojagaitegia ireki zuten egunetik aurrera (uztailak 2), hain zuzen.San Blas parrokia, antzinako harrizko eraikin garaia ate gainean beirate ederra duena

Hasiera batean, San Blas karrikako 10. zenbakian kokatu zituzten parrokiaren lokalak. Santu harenganako debozioa betidanikoa izan da Burlatan; horixe erakusten du antzinako San Juan Bautista elizari dagokion San Blasen erretaula egin izanak (Nafarroako Museoan dago gaur egun erretaula).

Horren guztiaren ondorioz, herritarrek “San Blas” izena erabiltzen zuten eliza izendatzeko, eta, azkenean, 1978ko otsailaren 3an, parrokiaren izena aldatu egin zuten, eta San Blas izenarekin gelditu zen.

Urteek aurrera egin ahala, eliza txiki gelditu zen, eta gaur egungo orubera eraman zuten. Hain zuzen ere, Andre Mariaren mirabeen mojagaitegia zegoen tokian ezarri zuten San Blas eliza, eta mirabeek ondoko “Salus Infirmorum” Atseden Etxera alde egin behar izan zuten.

Ondoren, zenbait aldaketa egin zituzten, eta 1999ko martxoaren 21ean San Blasen omenezko eliza berria inauguratu zuen Fernando Sebastian Iruñeko artzapezpiku jaunak.

Gaur egungo eraikin lirain bezain zoragarriaren proiektua Serapio Esparza arkitekto jaunak egin zuen; eraikuntza-lanak, berriz, Rufino Martinikorena jaunaren esku gelditu ziren. Fatxadaren goiko aldean, Andre Mariaren mirabeen ikurra duen medailoia ageri da oraindik ere; bestalde, M hizkia (Maria) ere ageri da, S eta I hizkien (Salus Infirmorum; erien osasuna) erdian.

Tuteratik ekarritako erretaula zoragarria, estilo neoklasikokoa, absideko elementu nagusia da. 1766. urtekoa da. Oinplano etena du, eta, aurreko-alboko bistetan, banku altu bat ageri da; haren gainean, osagai bakarreko pieza bat ikus daiteke, plano ezberdinetan kokatutako zutabe ildoxkatuz eta kapitel konposatuz osaturiko ordena erraldoi bat duena. Azkenik, zutarri atxikiz osatua da atikoa, eta, haien gainean, kerubin borrominiarrak eta girlandak daude.

Erdialdean dagoen eskulturak eredu barrokoei jarraitzen die, baina, Karlos Salasen eraginez segur aski, kutsu akademikoa ere sumatzen zaio. Erdiko horma-hobian, santuaren tailu handientsua ageri da, contraposto jarreran. Ertz eta toles askoko arropaz jantzirik ageri da santua, baina, aldi berean, leuntasuna dario irudiari. Hodei kotoikara erraldoi baten gainean altxatzen da, bi kerubinek eta santuaren makulua esku artean duen aingerutxo batek lagundurik.

San Blas parrokia albotik ikusita, antzinako harrizko eraikin garaia ate gainean beirate ederra duenaAtikoan, loria bat ageri da, eta, han, triangelu aldeberdin bat -Trinitatearen edota Jainko Aitaren sinboloa – eta bi kerubin. Horretaz gain, bi alboetan, bi aingeru ikus daitezke, oso dinamikoak, eta jatorri berniniarrekoak.

Kontraste garbia dago mazoneriaren polikromiaren eta eskulturaren artean. Hala, badirudi mazoneriak kolore ilun-iluneko marmol polikromoen antza hartu nahi duela; eskulturak, berriz, marmol txurirantz egiten du.

Bestalde, misioen eta nafarren zaindariaren irudi bat ere atzeman daiteke: ezkerraldean, Xabierko San Frantzisko ageri da; Iruñeko Jesús eta María elizatik ekarritako irudia da, XX. mendearen hasieran Florentino Isturizek egina. Haren eskuinaldean, berriz, Osasunaren Ama Birjinaren irudia dago, Mariaren mirabeen Institutuko zaindaria dena eta herritarrek oso maitea dutena (maiatzaren 8an ospatzen da haren omenezko besta).

Nabarmena da, halaber, eraikineko bataio-kapera. Hartan, Irangoteko (Aibar aldea) ermitatik ekarritako krismoi bat dago, 1110. urte ingurukoa. Haren ondoan, bataiarri bitxi bat ikus daiteke, jatorria Gardailainen duena. Iturri baten forma du, eta, moldadurazko lauki baten gainean, hiruki-formako frontoi bat ageri da. Frontoi horren azpian, berriz, horma-hobi bat eta zutoin bat ikus daitezke, eta handik ateratzen da ur-jarioa. Honako inskripzio hau irakur daiteke zutoinean: “IHS / ANO 1751”.

Sakristian, Ama Birjina Haurrarekin ageri da eskultura erromanista batean, XVII. mendearen hasierakoa. Jatorrizko polikromia mantendu da eskulturan, nahiz eta ukituren bat edo beste ere egin dioten. Bada, bestalde, estilo herrikoiko gurutzefika barroko bat (82 x 70).