Hilarión Eslaba
Miguel Hilarion Eslaba Elizondo (1807 – 1878) musikagilea, pedagogoa eta musikologoa Burlatan jaio zen, Benitorena etxean, gaur egun musika eskola dagoen orube berean. Gurasoak Joaquin Eslaba eta Manuela Elizondo zituen eta sei anai-arreben artean bigarrena zen.
Diotenez, txikia zelarik, Arga ibaian bainatzen ari zen bitartean, Iruñeko Katedraleko Mateo Jimenez erretorea hurbildu zitzaion, bere ahotsaz lilulaturik. Katedraleko haur abesbatzarentzako ahotsak bilatzen ari zenez, zerbait kantatzeko eskatu zion Hilarion txikiari eta honek jota batekin erantzun zion. Dirudienez, apaizari jotaren edukia ez zitzaion oso aproposa iruditu, baina Eslabaren gurasoekin luze negoziatu ondoren, katedralera eraman zuen. 
Iruñeko Katedralera sartzeak ahalbidetu zion hezkuntza musikala jasotzea. Mateo Jimenezekin solfeoa eta Julian Prietorekin organoa ikasi zituen eta bibolina, biolontxeloa eta kontrabaxua jotzen ikasi zuen, konposatu eta abestu ere egiten zuelarik. 16 urte besterik ez zituenean, Katedraleko bibolin-jole postua eskuratu zuen eta hurrengo urtean apaizgaitegian sartu zen.
20 urterekin Calahorrara joan zen konposizioa ikastera, Francisco Secanilla maisuarekin, eta 1828an Burgo de Osmako (Soria) kapera-maisu izatea lortu zuen. Bertan hainbat motete, salmo eta meza idatzi zituen eta apaiz bilakatu zen.
1832an, ia 25 urte besterik ez zituela, Sevillako kapera-maisuaren plaza eskuratu zuen. Garai hartakoak dira bere miserere famatuak, Andaluzia osoko hainbat herri eta hirientzako konposatuak. 1835ean Sevillarako idatzitakoa orduz geroztik ia urtero interpretatzen da Aste Saintuan.
Gainera, opera italiarraren arrakastarengatik eta desamortizazioek elizaren baliabide ekonomikoak murriztu zituztenez, Eslabak hiru opera konposatzea erabaki zuen 1841tik 1843ra: Il Solitario, La Tregua di Ptolemaide eta Pietro Il Crudele. Arrakasta oso handia izan zuten, lehenengo biek gehienbat, baina, zoritxarrez, gaur egun ez dira osorik kontserbatzen.
Horrez gain, 1837an mundu mailan famatua den Solfeo Metodoa idatzi zuen, ia 200 urte ondoren oraindik erabiltzen dena.
1844an Elisabet II.aren Errege Kaperako maisu izendatu zuten, Madrilen, eta han bizi izan zen 1878an arnas gaixotasun batengatik hil zen arte. Madrilgo Errege Kontserbatorioko konposizio irakasle eta urte batzuez zuzendari ere izan zen.
Urte hauetan kaperarako zein kontserbatoriorako idatzitako obrez gain, Espainia eta Europako hiri askotako artxiboetan zehar bidaiatu zuen, garai hartan ezezagunak ziren antzinako konpositoreen lanak berreskuratuz, ondoren Lyra Sacro Hispana bilduman publikatuko zituenak.
Asko izan ziren Eslabaren ikasleak. Horien artean Felipe Gorriti, Valentin Zubiaurre eta Julian Gayarre izan ziren. Horrez gain, Karlos III.aren, Elisabet Katolikoaren eta Maria Vittoriaren Ordenen Zaldun izendatu zuten.
Hilarion Eslaba, besteak beste, hiru arlotan nabarmendu zen: konposizioan, pedagogian eta musikologian. Bizitza osoan 400 obra baino gehiago konposatu zituen: eliz musika, musika profanoa, opera, ganbera musika, kantak eta abar. Solfeo Metodoaz gain, Harmonia eta Konposizio tratatuak eta Museo orgánico español publikatu zituen, eta opera nazionala defendatzeko Orfeo Español elkartea eta Gaceta Musical de Madrid astekaria sortu zituen.
Gaur egun, Eslaba Burlatako hilerrian lurperatuta dago, 1936an Errepublika garaian egindako mausoleoan. Musika eskolak, kale batek, eskolak eta beste hainbat tokik mantentzen dute bere izena, Burlatan eta herritik kanpo.
Informazio gehiago 2024an Andaluziako Musika Dokumentazio Zentroak argitaratu zuen Antonio Rufín Aguilarrek egindako biografia berrian aurkitu ahal da, doan (gaztelaniaz eta ingelesez):
https://zenodo.org/records/13960113
Hilarion Eslabaren obraren katalogo berritua eta 200 obra baino gehiago eskuragarri eta entzungai daude, doan, Antonio eta Rebecca Rufínek sortutako webgunean: