LARRATZ DANTZARI TALDEA
“Beti Lagun” mendi taldearen jarduera osagarri gisa sortu zen Larratz Dantzari Taldea 1976an, eta, denboran aurrera joan ahala, dantza-talde beregain bihurtu zen. Taldeak argi eta garbi ditu bere helburuak: gure folklore aberatsa ikertzea, berreskuratzea eta zabaltzea.
Larratz taldea Burlatan kokatu zen hasiera-hasieratik, eta Burlatan gorpuztu da. Horregatik, herriarekin zorretan dago nolabait; gainera, herria zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta barneratuago sentitzen gara hartan. Beraz, helburua gure herriko folklorea ezagutzea eta zabaltzea izanik, txikienetik eta hurbilen dugunetik –Burlatatik– abiatu da taldea, eta, gero, esparru handiagoetara hedatu.
Hori dela eta, hiru arlo nagusiren inguruan finkatu ditugu gure helburuak:
- Ohiturak berreskuratzea.
- Burlatako beste erakunde batzuekiko elkarlana.
- Burlatako emanaldiei lehentasuna ematea.
Ikerketak bultzatzea da Larratzen jardueretako bat. Hala, duela hirurogei bat urte galdutako haur-ospakizun bat berreskuratu zuen taldeak; “Erregiñen” festa, hain zuzen. Baztango Arraiotz herrian egiten omen zuten festa hura, maiatzeko azken igandean.
Egindako lan hari esker, Eusko Jaurlaritzak sari bat eman zion taldeari; horretaz gain,Príncipe de Viana erakundearen “Cuadernos de Etnología y Etnografía” aldizkarian argitaratu zen lana. Baina badugu bestelako lanik argitaraturik; besteak beste, “Folklore de Roncal” (Erronkariko folklorea, “Cuadernos de Etnología y Etnografía” eta “Dantzariak” aldizkarietan) eta “Zortziko de Alsasua” (Altsasuko zortzikoa, Euskal Herriko Txistularien Elkartearen “Txistulari” aldizkarian).
Bestalde, Larratz Dantzari Taldea Santa Ageda eguneko abesbatzak antolatzen hasi zen 80ko hamarkadaren hasieran. Gaur egunera arte iraun du ohitura horrek, eta erabat erroturik dago Burlatan.
Burlataren bereizgarri den Martingala inauteria ere Larratzek berreskuratu zuen. Gaur egun, herrian sustraiturik dagoen ospakizuna da Martingala.
Dantzak zabaltzeari dagokionez, emanaldietan jatorrizko dantzari ahalik eta gehien atxikitzen saiatzen da taldea. Euskal Herriko, Estatuko eta beste lurralde batzuetako herrietan barna ibili gara: Tarragona, Toledo, Santander, Vigo, Murtzia, Libiako Errepublika, Frantzia eta Portugal, besteak beste.
Gure arrakastaren erakusgarri dira gure dantza-bilduma osatzen duten bost orduak. Osotara, 70 lagunek osatzen dute taldea, dantzariak eta musikariak kontuan hartuta.
Honako dantza hauek osatzen dute gaur egun gure bilduma osoa:
- Altsasuko zortzikoa.
- Zuberoako dantzak.
- Otsagabiako dantzak.
- Korteseko makila-dantza.
- Dantzari-dantza.
- Baztango Joko Dantzak.
- Sagar-dantza.
- Gipuzkoako doinu zaharrak.
- Oñatiko dantzak.
- Lekeitioko soka-dantza.
- Gorulari eta Domingilo.
- Erronkariko ttun-ttuna.
- Lesakako dantzak.
- Buruzagiaren ezpata-dantza.
- Arraiozko Erregiñe.
- Nafarroa Behereko dantzak.
- Sorgin-dantza.
1999ko ekaina eta 2001eko maiatza bitartean, Larratz gogotsu aritu zen “Hamaika Dantzetako Lurra” ikuskizuna prestatzen, multimedia-jaialdi berritzailetzat har daitekeena. Hartan, k.a. II. mendetik gaur egunera arteko bizimodua nolakoa zen erakutsi zuten, musikaren, dantzaren eta landutako jantzien bidez.
Larratzek herri askotan eskaini zuen emanaldi hura, eta, oraindik ere, emanaldi huraxe eskaintzeko aukerak sortzen ari zaizkio taldeari; ezbairik gabe, egindako ahalegin handiaren ordaina jasotzen ari gara. Jende askoren laguntza jaso genuen proiektu hura gauzatzeko, eta, jakina, ezinbestekoa izan zen taldea osatzen duten 70 lagunen ahalegina.
1999an, aspalditik burutan genuen helburu bat gauzatu genuen: “txikien” taldea eratu genuen. Gaur egun, Burlatako 30 haurrek osatzen dute taldea.
2001. urtean, ohiko jarduerak baztertu gabe, 25. urteurrena ospatu zuen Larratzek. Hartan, Burlata oso-osorik aintzat hartu nahi izan genuen; hala, taldearekin nola edo hala loturik egon diren 200 lagun baino gehiago hartu genituen gogoan.
25. urteurrena ospatzeko, Larratzek hainbat ekitaldi antolatu zituen. Aipagarrienak gogoratuko ditugu: hastapenetik taldeak egindako bidea jasotzen zuen argazki-erakusketa, dantza-taldeari buruzko marrazkien eta narrazioen lehiaketa, dantzaldi herrikoiak, eta dantza-jaialdi bat; taldekide ohiek, dantzari txikiek eta gaur egungo dantzariek parte hartu zuten dantzak, musikak eta antzerkiak bat egin zuten ikuskizun hartan, eta Burlatako zenbait gertaera historiko hartu zituzten gai nagusitzat.
Azken batean, honela laburbil daitezke gure taldearen historia, helburuak eta asmoak: kulturaren eta etnologiaren inguruko helburuak dituen taldea gara; folkloreari begira gaude, dantzari begira batez ere, eta Burlata herriari arreta berezia ematen diogu, Burlatako plazarik zaharrenak ematen baitio, hain zuzen, izena gure taldeari.
Euskal dantza herrikoiak.
Astelehenetik ostiralera, 20:00etatik 22:00etara, Burlatako Kultura Etxean.
Helbidea: 27 posta-kutxa Burlata (NAFARROA)
Telefonoa: 690 36 67 87