Historia
Herriaren izena modu batean baino gehiagotan agertu izan da historian. 1097. urteko latinezko agiri batean, Bruslata edo Buruslata izena jaso da. Badirudi Erdi Aroko hiztun euskaldunek ere halatsuko izena erabiltzen zutela. Halabeharrez ageri da Buruslada aldaera. XII-XV. mendeetan, Bruslada zen forma orokorra, latinez idatzitako zenbait agirik argitzen dutenez.
Bestalde, Bruslade aldaera erabiltzen omen zen gaskoiez zein frantsesez mintzatzeko eta idazteko. Gaur egungo Burlada izena XV. mendetik aurrera ageri da, eta forma horixe nagusitu zen erromantze-hiztunen artean. Euskaldunek, berriz, Burlata eta Burleta izenak hautatu zituzten.
Burlata eliza-jaurerri izan zen antzina, eta katedralaren mende egon da 1276. urteaz geroztik. XII. mendean, apezpikuak eta kalonjeek lurrak, mahastiak, errotak, zerbitzariak edo nekazari-morroiak zituzten Burlatan, baita hango jaurerria ere. Hala, 1427an, burlatarrek erregu bat gari ematen zuten urteroko zergan, Iruñeko katedraleko kapituluko artxidiakonoaren diru-saria ordaintzeko.
Karlos Noblea erregea liluratua gelditu zen Burlatako paisaiarekin, eta, hala, erregeren familiak udako bizilekutzat hartu zuen herria. 1390ean, erregeren familiak jauretxean igaro zuen uda, eta herria aitoren seme-alabez eta armadun jendez bete zen. Festa bikainak antolatzen zituzten: borrokaldiak, zaldun-guduak, lore-jokoak eta zezenketak. Leonor erreginak berrehun mahai-lagun bildu zituen bere mahaian 1398an.
Sartaldeari begira zegoen jauretxea, elizaren ondoan, harik eta orain dela gutxi eraitsi zuten arte. “Xoldau Etxea” izenez ezaguna zen azkenaldi honetan. Eraikin dotorea zen; aurrealdean, arku zorrotza zuen, hegoaldeko fatxadako trazeria gotikoko matakanek eta leihoek apaindurik.
1494an, Burlatan egindako gorteetan, erreinuko auzitegiak eraberritu zituzten.
1630ean, erregeak Antso Monreali saldu zizkion Burlatako behe-mailako eta maila ertaineko eskumenak. Geroztik, jaurerri izan da Burlata, XIX. mendearen hasiera arte.
Jauretxea. 1630. urtean ebatzitako Errege Agiriaren arabera, Antso Monrealen Burlatako bizitokiak eserlekua zeukan gorteetan. Kontu Ganberak 1723an Madrilera igorritako txosten baten arabera, Burlatakoa noble-jauretxea zen, eta, garai hartan, Fermin San Martin jaunaren eskuetan zegoen. 1758an, Ignacio San Martin jauna zen jauretxearen oinordekoa, eta, urte hartan bertan, haren ama eta zaindari Maria Ignacia Fernandez Bizarrak kuartierrengatiko lehiari ekin zion.
1623tik 1760ra arte, Burlatako kontzejua eta herritar guztiak etengabeko borrokan aritu ziren etxe haren jabetza eskuratu nahi zuten kanpotarren aurka. Hain zuzen ere, nabarmena da etxetzar noble haren aurrealdean dagoen armarria. Etxe hari “San Martinen Etxea” izena eman zioten lehenbizi, eta “Pabolleten Etxea” ondoren.
Eguesibarko kontzejua. XII. mendetik aurrera behinik behin, Eguesibar historikoaren barrenean egon zen Burlata. 1950ean saiatu ziren lehenbizikoz Eguesibartik banantzen, baina eguesibartarrek ezezkoa eman zuten. Azkenean, 1970eko irailaren 25ean eratu zen Burlatako lehen udal beregaina.
Biztanle-dentsitate altua. Nafarroako biztanle-dentsitaterik altuenetarikoa du Burlatak.
XX. mendearen hasieran, Iruñerriko kontzeju bat besterik ez zen Burlata; 1900. urtean, 297 biztanle zituen. 1950etik aurrera, ikaragarri handitu zen demografia-tasa, immigrazioaren eraginez eta etxebizitzak eraikitzeko lurzoruaren beharraren ondorioz. Iruñeko industriak gora egin heinean, Burlata etorkinen helburu bihurtu zen, eta, hala, Iruñea hiriburuaren jarraipen gisa gelditu zen.
Gaur egun, 15.000 biztanle baino gehiago ditu, eta Nafarroako biztanle-dentsitate altuena duten udalerrien artean dago; zerrendan laugarrena da, hain zuzen.