Burlatako Udalak WhatsApp bidezko komunikazio-kanal ofizial berria jarriko du martxan, udal informazioa herritarrei modu zuzen, erraz eta irisgarrian helarazteko.
«Burlata zure mugikorrean» lelopean, kanal berriaren bidez Burlatako gaurkotasunaren berri jaso ahal izanen da WhatsAppen: udal oharrak, agenda eta jarduerak, kultura, gazteria, kirola, zerbitzu publikoak eta egunerokoan erabilgarriak diren bestelako informazioak.
Burlatako informazio guztia, webgunean eta sare sozialetan ere
WhatsApp kanal berriarekin, herritarrek hainbat bide izanen dituzte informazioa jasotzeko: webgunea, udal informazioa kontsultatzeko erreferentziazko gunea; webguneko kultur agenda, programatutako jardueren berri izateko; eta sare sozialak eta WhatsApp, Burlatako gaurkotasuna modu zuzenagoan jarraitzeko.
Udalaren webgunea informazio guztia biltzen duen gune ofiziala da: albisteak, ekitaldiak eta oharrak. Bertatik, gainera, izen-emateak egin eta sarrerak erosi ahal izanen dira, hala dagokionean.
Burlatan programatutako jardueren berri izateko, garrantzitsua da kultur agenda begiratzea. Lehen albiste gisa ere argitaratzen ziren ekitaldiak orain kultur egutegian bakarrik jasotzen dira, egunaren arabera antolatuta. Horrela, egun bakoitzean sartuta, egun horretarako aurreikusitako jarduerak ikusi eta bakoitzari buruzko informazio osoa eskuratu ahal izanen da, baita sarrerak erosi edo izena eman ere, hala dagokionean.
Gainera, Udalak profil ofizialak ditu Instagramen, Facebooken eta Xn. Bertan, udalaren webgunean argitaratutako albiste, ohar eta ekitaldien berri ematen da, eta Burlatako gaurkotasunarekin lotutako bestelako edukiak ere partekatzen dira.
Nola jarraitu WhatsApp kanala?
Informazioa jasotzen hasteko, WhatsAppeko «Burlatako Udala – Ayuntamiento de Burlada» kanalera sartu eta «Jarraitu» sakatu besterik ez da egin behar.
Kanala jarraitu ondoren, jakinarazpenak aktibatzea gomendatzen dugu, informazio berria argitaratzen denean abisua jasotzeko.
Jarraitu kanala eta eraman Burlata zure mugikorrean.
