2026ko abuztuak 26

Burlatak jai lasaiak izan ditu, parte-hartze handiarekin

Foto noticia

Udalak balorazio positiboa egin du jaien inguruan: antolaketa ona izan da, herritarrek oso harrera ona egin diote egitarauari, adin desberdinetako jendea elkarrekin aritu da jai-guneetan eta prebentzio- eta segurtasun-dispositiboek behar bezala funtzionatu dute.

Burlatako Udalak balorazio positiboa egin du abuztuaren 14tik 19ra ospatutako jaien inguruan. Egitaraua normaltasunez garatu da, parte-hartze handia izan da jai-gune nagusietan eta ez da gorabehera aipagarririk izan. Jaiak antolatzeko ardura izan dutenendako bereziki pozgarria izan da jardueretara hurbildutako publikoa oso anitza eta adin desberdinetakoa izan dela egiaztatzea.

Udal zerbitzuek egindako kalkuluen arabera, datuak eskuragarri dauden jardueretan 23.000 parte-hartze inguru izan dira guztira. Kopuru hori orientagarria da, eta ez dagokio pertsona-kopuru zehatz bati; izan ere, pertsona berak hainbat ekitalditan parte hartu ahal izan du.

Egitarauak harrera ona izan du

Parte-hartzea handia izan da musika-emanaldiak hartu dituzten gune nagusietan. Sotoko kontzertu-guneak jende ugari bildu du berriz ere, eta eskuragarri dauden kalkuluen arabera, 13.100 parte-hartze inguru izan dira guztira egitarau osoan. Astelehenetik asteazkenera bitartean ere erantzunak aurreikuspenak gainditu ditu.

Aurtengo berritasunen artean, Udalak bereziki positibotzat jo du En Esenzia orkestraren parte-hartzea. Formatu berriak egitarauaren aniztasuna handitzeko aukera eman du eta adin desberdinetako jendea bildu du. Francisco Zubiate «Parrita» plazak ere jende ugari bildu du jaietan, eta topagune nagusietako bat dela berretsi du. Bereziki nabarmendu da Jon Koldoren kontzertua, Burlata Salsa Elkarteak Udalarekin elkarlanean bultzatua.

Haur eta familientzako egitarauak ere harrera ona izan du. Zirika Zirkusen Sinfonika Afonika, euskaraz, eta Hodei Magoaren ikuskizun elebiduna izan dira harrera onena izan duten proposamenetako batzuk. Haurrentzako jolasek berriz ere agerian utzi dute Udal Parkea toki aproposa dela horrelako jardueretarako, bai parkearen ezaugarriengatik, bai itzal- eta tenperatura-baldintzengatik. Halaber, puzgarriak Nogalera parkera itzultzea positiboki baloratu da.

Eguraldiaren iragarpenek hainbat jarduera prebentzioz lekuz aldatzera behartu zuten, baina horrek ez zuen eragotzi egitaraua aurrera eramatea.

Kaldereteak berreskuratzea eta askotariko publikoendako jaiak

Kaldereteak Nogalera parkean berreskuratzea izan da harrera onena izan duen beste berritasunetako bat. Jarduerak 900 pertsona inguru bildu zituen, eta kuadrillen, familien eta belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko topagunea berreskuratu zuen. Catering zerbitzua eskatzeko aukera berriak, gainera, beren kalderetea prestatu ezin zuten pertsonei ere parte hartzeko aukera eman zien.

Kultura-aniztasunak ere presentzia nabarmena izan du aurten. Munduko Arrozak ekimenak parte-hartze errekorra hautsi zuen: 26 kuadrilla sukaldari eta jatorri desberdinetako 28 arroz. 800 pertsona inguruk parte hartu zuten gastronomia, beste behin ere, jatorri desberdinetako pertsonen arteko bizikidetzarako gune bihurtu zuen jardunaldian.

Kirol-jarduerek ere harrera ona izan dute. Horien artean, Xake Txapelketa nabarmendu da, 96 izen-ematerekin errekorra lortu baitzuen.

Udalaren iritziz, aurtengo jaien balio nagusietako bat izan da, hain zuzen ere, askotariko eta adin desberdinetako publikoen arteko bizikidetza jai-guneetan. Musikak, familientzako proposamenek, kirolak, gastronomiak eta herriko elkarte-sarearekin batera antolatutako jarduerek herritar mota desberdinendako aukerak eskaintzea ahalbidetu dute.

Jai seguruak

Lasaitasuna izan da aurtengo jaien alderdi aipagarrienetako bat. Segurtasun-dispositiboa modu koordinatuan garatu dute Udaltzaingoak eta dispositibo berezian parte hartu duten gainerako polizia-kidegoek, eta arreta berezia jarri dute prebentzioan, jende gehien bildu den guneetan eta etxera itzultzeko ibilbideetan.Udaltzaingoak egindako alderaketaren arabera, eguneko esku-hartzeen kopuruak behera egin du 2025eko jaiekin alderatuta. Arrisku handieneko guneetan arreta berezia jarri duen prebentziozko patruilatzea funtsezko tresna izan da jaiak behar bezala garatzeko.

Indarkeria matxisten aurkako prebentzioa ere jaietako dispositiboaren parte izan da. Puntu Moreak 1.889 arreta zenbatu ditu jaietako sei egunetan.

Burlatako Udalak eskerrak eman nahi dizkie udal langileei, polizia-kidegoei eta prebentzio-zerbitzuei egindako lanagatik, baita jaiak antolatzen eta garatzen parte hartu duten elkarte, kolektibo, klub, entitate eta boluntarioei ere.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Burlatako udalaren komunikatua

Burlatako udalaren komunikatua

Burlatako Udalak atsekabe sakona adierazten du atzo, abuztuaren 20an, herriko etxebizitza batean izandako sutearen ondorioz 10 urteko haurra hil izanagatik. Gertaera tragik...

Volver arriba