2026ko uztailak 1

«Festa gurutzatzen / Trenzando la fiesta» kartelak iragarriko ditu Burlatako 2026ko jaiak

Foto noticia

Lana Larratz Dantzari Taldeari eta Euskal Herria Peñari eskainitako omenaldia da, abuztuaren 14an txupinazoa elkarrekin jaurtiko duten bi elkarteak

Oskar Montero Llanosen Festa gurutzatzen / Trenzando la fiesta lanak irabazi du abuztuaren 14tik 19ra bitartean ospatuko diren jaiak iragartzeko kartelen lehiaketa. Lanak 197 boto jaso ditu, guztizko botoen %42.

Kartelak, gainera, badu kasualitatez sortutako istorio berezi bat. Monterok Larratz Dantzari Taldea eta Euskal Herria Peña omentzeko helburuarekin sortu zuen lana, bi erakundeen 50. urteurrena dela eta. Hala ere, berak ez zekien bi erakunde horiek izanen zirela jaiei hasiera emanen dien txupinazoa elkarrekin jaurtitzearen arduradunak. Izan ere, beste hautagairik aurkeztu ez denez, Berta Arizkun González alkateak txupinazoaren jaurtiketa haien esku uztea erabaki du.

Irudiak Larratz Dantzari Taldea du protagonista, eta prozesioaren ondorengo dantza irudikatzen du. Kanpaiak, halaber, taldearen eta Euskal Herria Peñaren mende erdiko ibilbideari erreferentzia egiten dio.

“Aurten Larratzek 50 urte betetzen zituen, eta polita iruditu zitzaidan taldearen irudia jaiak iragartzeko kartelaren protagonista izatea”, azaldu du egileak, hainbat urtez taldeko kide izan zena. Monterok Euskal Herria Peña ere omendu nahi izan du, bertako bazkide izan baitzen.

75 ordu baino gehiagoko lana

Kartela sortzeko, egileak argazki-saio bat antolatu zuen Larratz Dantzari Taldeko bi kiderekin. Irudiak aukeratu ondoren, konposizioa eskuz marraztu eta margotu zuen diseinu-programen bidez. Guztira, ordenagailu aurreko lana 75 ordu baino gehiagokoa izan zen.

Aukeratutako eszenak alderdi pertsonal bat ere badu. Montero Larratzen aritu zen hainbat urtez eta bi hamarkada baino gehiagoz dantzatu zuen abuztuaren 15ean. “Egun gogorra zen dantzarientzat, beroaren eta gauez atera izanaren nekearen ondorioz, baina oso berezia ere bai”, gogoratu du.

Oskar Monterok 54 urte ditu eta prentsako argazkilari gisa lan egiten du. 2012tik Burlatako kartel lehiaketara etenik gabe aurkeztu izan da, edizio hartan irabazle suertatu zenetik. Ordutik lehen saria sei aldiz eskuratu du, eta azken hiru edizioetan garaile izan da.

“Burlatar gisa, niretzat poz handia da maitasun eta ilusio osoz egindako lan batek jaiak iragartzeko saria jasotzea”. Egileak aitortu du hiru lan finalisten hautaketa urduritasunez bizi izan zuela, eta “pozez eta ilusioz” jaso zuela emaitzaren berri eman zion deia.

472 lagunek parte hartu dute bozketan

Bozketan 472 lagunek parte hartu dute, iaz baino 20 gehiagok. André de Souza Vicenteren ¡Aupa Burlada! lanak 146 boto (%31) lortu ditu, eta Elena Uriz Arangoarenaren Alaitasuna/Alegría lanak, aldiz, 129 (%27).

Lehiaketara 18 lan aurkeztu ziren. Epaimahaia Berta Arizkun González Burlatako alkateak, Julián Oria Mundín komunikazio profesionalak eta Edurne Tainta Balda artista, ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko burlatarrak osatu zuten. Haiek hautatu zituzten hiru lan finalistak.

Ondoren, herritarrek proposamen guztiak ezagutu ahal izan zituzten ekainaren 8tik 26ra bitartean Kultur Etxean egindako erakusketan, eta ekainaren 15etik 26ra bozkatzeko aukera izan zuten. Oskar Montero Llanosek 1.200 euroko saria jasoko du.

Haurren lehiaketa

Haurren lehiaketara 147 lan aurkeztu ziren. Lehen saria Sebastián Constantin Creturen De rojo y blanco nos vestimos y a las fiestas acudimos lanarentzat izan da, eta 100 euroko balioa duen ikasmaterial-sorta bat jasoko du.

Bigarren saria Enara Antomás Huarteren Color, tradición y diversión lanak irabazi du, 60 euroko ikasmaterial-sortarekin.

Txupinazo partekatua

Euskal Herria Peña eta Larratz Dantzari Taldearen hautagaitza Karrikagoiti Peñak aurkeztu zuen Burlatako Herri Erakundeen izenean. Jasotako proposamen bakarra izan zenez, aurten ez da hautagaitzen artean erabakitzeko ohiko herri-bozketarik eginen. Alkateak haien esku utzi du jaietako hasierako ekitaldia.

Proposamenak Burlatako Udal Erregistroan inskribatutako entitateek, Kultura eta Jaietako Arloko kide diren kolektiboek eta Burlatan jarduten duten erakundeek aurkeztu ahal zituzten. Era berean, udal taldeek eta herrian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek ere egin zezaketen.

Mende erdiko jarduera Burlatan

Euskal Herria Peña 1976an sortu zen, euskara defendatzeko, kultura eta tradizioak zabaltzeko eta jaietan aktiboki parte hartzeko helburuarekin. Bost hamarkada hauetan hainbat ekimen bultzatu ditu, hala nola Burlatako lehen Olentzeroa, pilota eskola, Maiatza Rock, Udazkena Blues eta Burlatako Joaldunak.

Larratz Dantzari Taldeak ere 1976an hasi zuen bere ibilbidea, hasiera batean Beti Lagun mendi taldearen jarduera gisa. Bere lana folklorea berreskuratzea eta zabaltzera bideratu da. Taldeak Santa Agedako koruak, Martingala, Larratz Txiki Dantza Taldea eta Kanpai-joleak dantza zikloa bultzatu ditu.

Orain, bi erakundeei dagokie abuztuaren 14an txupinazoaren suziria nork piztuko duen erabakitzea.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba