Apirila data seinalatua da Nafarroako egutegian, 2012tik Ijito Kulturaren Hilabetea ospatzen baita. Hau hiru gertaera nabarmenengatik da. Lehenik eta behin, apirilaren 8a Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna delako. Bigarrenik, 1990eko apirilaren 14an Sabicas ijito nafar unibertsala hil baitzen. Eta, hirugarrenik, apirilaren 27an Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna ospatzen delako, ijitoak Nafarroako Erresumara iritsi zireneko data gogoratuz: 1435. urtean Tomas, Egipto Txikiko kondea, 50 laguneko talde batekin batera, Erriberriko Jauregian Nafarroako Blanca erreginak hartu zuenean, Nafarroako Artxiboan dagoen dokumentu batean egiaztatzen den bezala.
Ijito Herria, bere kultura eta historia ere, gure historiaren eta kultura-aniztasunaren funtsezko zati dira. Horrela, Burlatako Udalak, Gaz Kaló Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioarekin lankidetzan, hainbat ekitaldi antolatzea erabaki du, haiek aintzatesteko eta protagonismoaren alde, haien errealitatea, kultura, historia eta nortasun propioa ezagutarazteko. Gainera, gure gizartean jarraitzen duen antigitanismoari aurre egiteko eta ijitoen beharrei erantzunen dieten politika inklusiboak aldarrikatzeko helburuarekin.
Ildo horretan, Udaleko osoko bilkurak adierazpen instituzional bat onartu zuen martxoaren 27an (Declaración Pueblo Gitano Burlata), eta, bertan, besteak beste, ijitoen bandera apirilaren 8tik 27ra bitartean udaletxeko balkoian jarriko dela erabaki zen. Apirilaren 8ko 11.30ean, Burlatako Udaletxetik taldetxo bat joanen gara oinez Arga ibaiaren pasareletara hain polita den Ibaiaren Zeremonia ikustera. Joan nahi duen oro gurekin etor daiteke. Era berean, erromani ijitoen hizkuntzari buruzko ikastaro bat antolatuko da, apirilaren 11n 19:00etan Kultur Etxean eginen den hitzaldian aurkeztuko dena. Carlos Muñoz izanen da hitzaldia emanen duen aditua.
Azkenik, herritar guztiak animatzen ditugu Burlatako kulturen arteko elkarbizitza bultzatzea helburu duten ekitaldi hauetan parte hartzera.
Antolatzailea: Burlatako Udaleko Kultura-aniztasun eta Migrazio Zerbitzua
Laguntzaileak: Gaz Kaló eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua
