2019ko irailak 23

Irailak 23, Sexu Esplotazioaren eta Emakumeen nahiz Neskatoen Salerosketaren aurkako Nazioarteko Eguna

Foto noticia

UDALAREN ADIERAZPENA

Irailak 23, Sexu Esplotazioaren eta Emakumeen nahiz

Neskatoen Salerosketaren aurkako Nazioarteko Eguna

Gizakien salerosketa gaur egungo esklabutza da eta, zoritxarrez, hori Europan gertatzen da, baita Estatuan ere. Sakon urratzen ditu giza eskubideak, bai eta jendearen duintasuna eta askatasuna ere, eta delinkuentzia mota larria da. Gehienetan, erakunde kriminalak daude nahasita eta irabazi handiak ematen dizkie. Jendea hainbat esplotazio xedetarako erabiltzearen ondorioz sortutako diru irabaziak dira.

Egun hori ezartzearekin batera, Nazio Batuen Batzar Orokorrak kontzientzia, ulertze eta gupida handiagoa sortzera premiatu ditu, bai Estatu eta organismo oro, bai gizartea, salerosketaren biktima diren pertsonen atakaren aurrean, eta haien eskubideak babesteko premia ekarri du gogora. Ez ekiteak, beste alde batera begiratzeak, deus ez egiteak… esklabutzaren konplize egiten gaitu. Hori dela eta, Burlatako Udalak aurrerapauso bat ematea nahi du, herritarrek orok gizakien salerosketaren, sexu-esplotazioaren eta esklabutzaren aurka daudela agertu dezaten, afera gizarte osoari baitagokio.

Salerosketaren biktimak engainuz erakarri, garraiatu edo ostatatzen dituzte, haien egoera ahulaz baliatuta edota indarra erabilita, esplotaziotik irabaziak eskuratzeko asmoz. Salerosketa mota oro ezabatu eta haien aurka borrokatuko bada, neurri koherenteak eta koordinatuak behar dira hala nazioartean nola estatu eta eskualde bakoitzean, era askotako esparruetan ekite aldera. Ez dugu ahaztu behar sexu-esplotaziorako jendearen salerosketa nazioz gaindiko afera dela eta, horrexegatik, hain zuzen ere, zailagoa dela hari jazartzea.

Biktimak babesteaz gain (emakumeak eta haurrak, batez ere), aldi berean delituen nahiz erakunde kriminalen aurka ekin beharra zaio. Ezin dugu inola ere utzi esklabutza mota berri hori gure artean egotea eta irautea. Hori dela eta, irmo plazaratu behar dugu esklabutza hori berehalakoan desegiteko eskakizuna, behar adina baliabide publiko eta pribatu bideratuta. Salerosketaren kontra ari diren nazioarteko erakundeek eman dituzten txostenetako datuek egoera latza jarri dute agerian, inola ere saihestu ezin dena:

· Gizakien salerosketen 3 biktimatatik 2 emakumeak dira (% 15etik % 20ra, neskatoak)

· Sexu-esplotazioa esplotazio-xederik ugariena da eta, hartan, emakumeen ehunekoa izugarri handia da.

Ondorioa da pertsonen salerosketa neutrala ez den krimena dela generoari begira: izan ere, sexu-esplotaziorako emakumeen salerosketa emakumeen aurkako forma bat da eta halaxe dago aitortua. Delitu hori, zehazki, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezaren adierazpen eta ondorioetako bat da, parekidetasunik ez baitago, ez jatorriko gizarteetan, ez helmugakoetan, emakumea zaurgarritasun egoera handiagoan baitago, hainbat faktorek eraginda. Hona hemen faktore horietako batzuk:

· Gizartea antolatzeko sistemak generoan oinarriturik dauden desberdinkeriazko ereduak betikotzeaz gain, emakume eta neskatoen gutxiespenari ematen dio bidea oro har, eta bereziki, gerra dagoen lekuetan, jende desplazamenduak gertatzen direnean, gutxiengo etnikoetako jendea denean, etab.

· Pobreziaren feminizazioa.

· Hezkuntzako, prestakuntzako eta lan arloko berdintasunik eza.

· Jendeak, bere eta ingurukoen bizi-baldintzak hobetze aldera, migratzeko duen nahiaren esplotazioa.

Guztiak ere egungo gizarte ereduan erroturik dauden egiturazko egoerak dira, desberdinkerian, bazterkerian eta emakumeek gizonen botere-posizioarekiko duten menpekotasunean oinarritutakoak. Horrelako egoerak desagertuko badira, behar bezalako estrategia diseinatu beharra dago gizarte eta kultur ereduaren aldaketa eragiteko, zertarako eta, batetik, gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna lortzeko, eta aldi berean, emakumeak eta neskatoak beren jatorri-herrialdeetan esplotazioaren sareetan erortzeko duten zaurgarritasuna murrizteko. Eta bestetik, helmuga-herrialdeetan, gizakien salerosketatik elikatzen diren zerbitzuen eskaria murrizteko.

Horretarako, gainera, berdintasunezko hezkuntza sustatu beharra dago, emakumea ez baztertzeko printzipioa txertatuko duena eta genero-nagusitasunaren sentimendua ukatzen lagunduko duena.

Gaurkoan, Burlatako Udalak pertsonen salerosketa gaitzetsi nahi du irmo baino irmoago; bereziki, emakumeek eta neskatoek sexu-esplotaziorako xedeetarako pairatzen dutena huraxe, eta aldi berean, biktimen aldeko konpromiso tinkoa agertu nahi du, bai eta pertsonen salerosketari aurre eginen dioten neurriak hartzeko konpromisoa ere. Horretarako, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia behar da, eta era berean, elkarlan handia eta estua era askotako gizarte eragileekin eta eragile instituzionalekin, askotariko esparruetan, persona horien eskubideen alde ekite aldera.

Hori guztia dela eta, GAINERAKO ADMINISTRAZIOEKIN NAHIZ ERAKUNDE ESPEZIALIZATUEKIN ELKARLANEAN ARITZEKO konpromisoa hartu nahi du, HELBURU HAUEKIN:

1. Jende-salerosketa agerian uztea eta gizartean mezu argi eta sendo hau zabaltzea: zero tolerantzia emakumeen sexu-esplotazioa xede duen salerosketarekin.

2. Sexu-esplotazioa xede duen jende-salerosketari buruzko informazioa eta prestakuntza sustatzea, entitate publikoetako zein pribatuetako profesionalen artean.

3. Sexu-esplotazioa xede duen gizaki-salerosketaren biktimak atzeman, identifikatu, lagundu eta babesteko bitartekoak indartzea.

4. Sexu-esplotazioa xede duen gizaki-salerosketaren biktimak prestatzeko nahiz haiei informazioa emateko zerbitzuak indartzea, zaurgarritasun handienean daudenei lagunduta; hala nola adingabeei eta egoera irregularrean dauden biktima atzerritarrei.

5. Instituzioak elkarren artean eta hirugarren sektorearekin koordinatzeko tresnak indartzea, sexu-esplotazioa xede duen gizaki-salerosketaren arloan.

6. Elkarlanean lan egitea mugimendu feministaren ordezkariekin, adituekin, eta jendearen salerosketa-delituaren biktima diren emakumeen talde eta elkarteekin.

Burlatan, 2019ko irailaren 23an

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen 8M – Emakumeen Nazioarteko Eguna

8M – Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, dela eta, dei egiten dizuegu martxoaren 7an Udaletxeko plazan 12.00etan eginen den elkarretaratzera joateko.  

Volver arriba