2026ko ekainak 24

Lumak Travesti Fest: bost urteko ospakizun eta aldarrikapena erdibana

Foto noticia

Burlatako kultur agendan kolorea, distira eta purpurina ausarki zabaltzen dituen
hitzordurik bada, hori Lumak Travesti Fest da. Jaialdi honek ez du soilik ikuskizuna
eskaintzen; komunitatea, aldarrikapena eta, noski, dibertsio dosi handiak ere
badakartza. Eta hori guztia, takoi eta plataforma altuen gainean.
Lumak Travesti Fest jaialdia Maruxak taldearen ekimenez sortu zen 2022an, Nafarroako
trabesti eszenako talentua agerian jartzeko xedez. Lehen edizioa urte hartako uztailaren
2an ospatu zen, Burlatako udal parkean, giro bero eta hurbilean. Hasiera xumea izan
bazen ere, lehen egun hartatik bertatik agerian gelditu zen jaialdiak bazuela lekua eta
beharra Nafarroako kultur-panoraman. Lehengo bi edizioak Burlatako udal parkean
ospatu ziren, eguraldiaren eta ikusleen epeltasunaz lagundurik. Hala ere, jaialdiak
hegoak azkar zabaldu zituen, eta hirugarren ediziotik aitzina, Burlatako Ermitaberri
Ikastetxe Publikoa bihurtu da bere egoitza nagusia.
Urteek aurrera egin ahala, jaialdiak gero eta izen handiagoak erakarri ditu. Nafarroako
trabestiekin batera aritu dira oholtza gainean, bertzeak bertze, Aurah Sin, Bibiana
Bakana, Chile Güero, Ken Panada, Nico Elsker eta Choriza May gonbidatu bereziak.
Afixak ikusirik, argi dago: Burlatan glamourra ez da faltan. Eta distira horri gidaritza
ematen dion artista ere ezinbestekoa da: Yogurinha Borova. Urtez urte zeremonia-
maistraren papera hartu du, eta haren presentziak jaialdiaren energia, umorea eta
bizitasuna pizturik mantendu ditu hasieratik bukaerara.
Bestalde, laugarren ediziotik aitzina, jaialdia ez da egun bakarreko ikuskizun hutsa. Aste
osoko egitaraua bihurtu da, publikoari esperientzia zabalagoa eskain diezaion. Iaz,
adibidez, bollo bertsopoteo proposamenak bertsoak, poteoa eta disidentzia modu
berritzailean uztartu zituen, eta Laca y Palomitas saioak zinema eta umorea nahasi
zituen La Caneli trabesti madrildarraren eskutik.

Aurten ere ez dira gibelean geratu: herri kuirolak eta pintxada Plazeratu kolektiboarekin
elkarlanean (ekainaren 25ean), haurrendako EVA gomazko ileorde-tailerra (ekainaren
26an), edota aire zabaleko zinema saioa La Canelirekin (ekainaren 26an). Bestalde,
jaialdiaren goiz berean, Axular Kultur Elkartea eyeliner, purpurina eta betile faltsuen
tenplu bilakatuko da hainbat trabestik gidatuko duten makillaje-tailer berezian.
Egitaraua ikusirik, argi dago: Burlatan ez da inor aspertuko.
Aurtengo edizioa, gainera, berezia izanen da: Lumak Travesti Fest-ek bosgarren
urteurrena ospatuko du. Bortz urte ez dira makalak, eta jaialdiak badu zer ospatua:
hazkundea, komunitatearen indarra eta kultur eskaintza berritzailea. Gainera, gaueko
distira pizteko lehen txinparta Aimarz abeslari zumarragarrak ekarriko du oholtzara,
jaialdiari ateak zabalduko dizkion eta inor epel utziko ez duen kontzertuarekin.
Urtemuga borobiltzeko, antolatzaileek iragarri dute aurtengo edizioak sorpresa bereziak
ekarriko dituela, jaialdiaren ibilbidea eta bertatik igaro diren artista, gorputz eta istorio
guztiak ospatzeko xedez. Oraindik xehetasun guztiak ez badira ere publiko egin, espero
da ohiko programazioa gaindituko duten aparteko uneak izatea: agerraldi bereziak,
elkarlan berriak eta bati baino gehiagori arnasa kenduko dioten look-ak. Azken finean,
bosgarren urteurrena ez da soilik besta; azken urteotan eraiki den komunitatearen
ospakizun kolektiboa ere bada.
Laburbilduz, Lumak Travesti Fest ez da soilik jaialdi bat; espazio bat da, non identitatea,
sormena eta disidentziak askatasunez agertzen baitira. Eta hori guztia, jakina, estilo
handiz. Beraz, galdera bakarra geratzen da airean: prest al zaudete zuen luma
askatzeko?

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba